I ratzarri
Zarauzko folklore taldea

Historia Ekintzak Zaharra berri      

Historia

 Iratzarri Dantza Taldea

 80. hamarkada

 90. hamarkada

 25. urtemuga

 Folklore taldea

 

1.    Historia

1.1. Iratzarri Dantza Taldea

Franco hil bezain pronto, ordu arte estu antzera zegoen kultur mugimendua pizkortu egin zen, eta talde mordoxka sortu zen 1975az geroztik. Batzokia ere martxan jarri zen urte askoan galarazia egon eta gero, eta haren babesean Lizardi Kultur Taldea sortu zen. Esteban Garrok Iñurritzan egin zuen antzera, Lizardi Kultur Taldearen inguruan gazte talde bat Aurreskuaren tradizioari eusteko asmotan elkartu zen, 1979. urtearen bueltan.

Eneko Alberdiren Artxiboa

Pixkanaka mutil eta neska talde sendoa osatu, dantza gehiago ikasi, arropak prestatu eta... 1981eko ekainaren 7an aurkeztu zuen bere burua Iratzarrik zarauztarren aurrean. Hirugarren dantza taldea zen Iratzarri, Mollarri (Esteban Garrok sortua) eta Hodeiertz (Xabier Landaburuk martxan jarritakoa) taldeekin batera.

Eneko Alberdiren Artxiboa

1.2. Laurogeigarren hamarkada

Taldea sendotu egin zen 80. hamarkadaren hasierako urteetan: jantziak egin, dantzalekua egokitu eta beste herrietako dantzak ikasi. Txistulari Banda ere bazuen taldeak, eta gidaritza ere bai: Anjel Gerekak hartu zuen taldearen buru izateko ardura.

Gelditu gabe ibili zen taldea. Saiorik maiteenak Zarautz bertakoak izaten zituzten, abuztuan eta iraileko Euskal Astean egiten zituztenak. Kanpokoen artean, Trebiñokoa eta Irungo Euskal Jaietakoak apartak izan ziren. Pare bat orduko dantza ikuskizuna prestatua zuen taldeak, eta egiten zituzten dantzak, batik bat, Goizaldi dantza taldean ikasitakoak ziren.

Eneko Alberdiren Artxiboa

Sitges aldean ere izan zen Iratzarri eta Berlinen ere bai, Mollarri dantza taldekoekin batera, 1987ko uztailean. Handik bueltan desegin zen helduen taldea; San Joan bezperako Aurreskuari eutsi zioten, hala ere.

Eneko Alberdiren Artxiboa

1.3. Laurogeita hamargarren hamarkada

Urte batzuetan motel antzera aritu eta gero, 1994ko udan Galiziako Moaña herrira joateko aukera izan zuen Iratzarrik. Harrezkero bigarren belaunaldia indartzen hasi zen.

Taldeak bururik ez zuenez, aurreneko belaunaldikoei laguntza eskatu zitzaien: Nerea Alberdik neska taldea hartu zuen, eta Eneko Alberdik mutilena. Gerora, Eneko Alberdik hartu zuen talde osoaren ardura.

1996a eta 1997a, irteeraz eta aktuazioz jositako urteak izan ziren: Valladolid-en bi aldiz, Gijonen, Pontarlier-en (Frantzia), Sabrosa-n (Portugal)... Ezin ahaztuzkoa izan zen Italiako Atessa-n egindako egonaldi luzea. Taldeak egiten zituen dantzak, funtsean, aurrekoek egiten zituztenak berak ziren, baina pixkanaka estilo berria sortu zen Enekorekin.

Iratzarri Dantza Taldea

Lan horren emaitza dira Eneko Alberdik pentsatu eta zuzendutako proiektuak: “Makroekitaldia” (1997), “Badoaz hogei” (1999) eta “Loturaren Bizia” (2001). Proiektu horiekin, bigarren belaunaldiak 2001. urtearen bukaera arte iraun zuen, eta erreleborik ez zetorrenez, dantzariek astero elkartzeari utzi zioten. Konpromiso gutxi batzuekin eta umeen taldeekin segitu zuen aurrera Iratzarrik.

Iratzarri Dantza Taldea

 1.4. Hogeita bosgarren urtemuga

2003aren ekainean, bi belaunalditako jendea taldearen hogeita bosgarren urtemugari begira jarri zen. Bilera batzuk egin eta gero lantaldeak antolatu ziren, eta egitaraua zehaztu zen. Hauek dira antolatu ziren ekintzak:

o 2005-06-23. San Joan bezperako ekitaldia. Hogeita hamar lagunetik gora elkartu ziren, dantzari eta txistulari. San Joan dantza egin ostean, mutilek Aurreskua, eta, tartean neskek Txakoli. Gero elkarrekin afaldu zuten, eta festak segida izan zuen gauean.

Xabier Etxaberen Artxiboa

o 2005-12-18. Dantza-ikuskizuna. Berrehun bat dantzarik eskainitako dantza ikuskizuna, Eneko Alberdik zuzendua. Hiru zati izan zituen: “Loturaren Bizia”, “Gure Bazterrak” eta “Iñauteriak”. Musikariak antolatzen Iñaki Oliden aritu zen. Saio bukaeran, taldearen sortzaileei omenaldia egin zitzaien.

Xabier Etxaberen Artxiboa

o 2005-12-19. Kalejira, herri bazkaria eta dantzaldia. Kalejiran, taldeko txistulariak eta Mallorcako “Xeremiers de Son Roca” ibili eta aritu ziren. Herri bazkarian berrehun bat lagun, eta bukatzeko dantzaldia “Trikizio” taldearekin.

1.5. Folklore Taldea.

2004aren bukaeran, taldearen hogeita bost urteko ospakizunak bukatu orduko, helduen taldeko dozena bat lagun elkartu eta, Iratzarriren anparoan, talde berri bat sortu zuten: Dantzasoka-Iratzarri Folklore Taldea.

Folklore Taldea sortzeko arrazoietako bat, hogeita bosgarren urtemugak ekarritako egoera aldaketa izan zen: helduen dantza-taldeak entsaiatzeari eta ikuskizunak egiteari uztea erabaki baitzuen (2004ko abenduaren 18koa izan zen azken saioa). Bestalde, haurrei eskolak ematea gazteagoen esku utziaz, helduen folkloreari arreta handiagoa jartzea erabaki zuten.

Gauzak horrela, ordura arte jende berak egindako lana, bi taldetan banatu da:

·Iratzarri Dantza Taldea, umeei dantza-eskolak emateaz  arduratuko da, eta haientzat dantza-saioak antolatuko ditu: besteak beste, Santa Marina eta Vista Alegre auzoetako jaietara haur-taldeak eramango ditu, eta Euskal Asteko ekitaldietan parte hartuko du.

· Iratzarri Folklore Taldea, San Joan bezperako Aurreskua antolatzeaz arduratuko da, eta horretaz aparte iraileko Uzta Biltzearen Egunean eta Errege Bezperan egingo dute dantzan. Ikastaroak emango ditu; esate baterako, irailean dantza-suelto ikastaroa antolatuko du Euskal Jaietara begira.

 

 


©dantzasoka-iratzarri folklore taldea 2007
iratzarri@iratzarri.com
Zarautz