I ratzarri
Zarauzko folklore taldea

Historia Ekintzak Zaharra berri    

Zaharra Berri

 1. Sarrera

 2. Garbiñe Aizpitarte

 3. Mollarri eta Iratzarri

 

Zaharra berri: "Dantzaren egoera Zarautzen 2006an"

"Zaharra berri" izeneko txoko honen helburua, Zarautzen folklorearen inguruan jasotzen ditugun kontuen berri ematea da. "Zarautz" eta "folklorea" hitzei muga estuegirik ez diegu jarri nahi, ordea; izan ere, folklorearen izaera aldakorra dela iruditzen zaigu, eta inguruko folklorearekin harreman bizia duela. Nahiz eta zaharra izan, etengabe berritzen baita.

** Bi elkarrizketa hauek, Garbiñe Aizpitarteri egindakoa eta Asier Urbietari eta Ane Mendizabali egindakoa, Zarauzko Txaparro aldizkarian argitaratu zituen Xabier Etxabek 2006ko uztailaren 14an "Euskal dantza: sasoian ala krisian?" izeneko erreportajean. Argazkiak Txaparro Kultur Elkartekoarenak dira, azkenekoa ezik.

1. Sarrera

"Euskal dantza tradizionala bidegurutzean dago". Hori zioen 2006ko ekainean Argian argitaratutako erreportajeak, Franco hil eta gero gure inguruan sortu zen pizkundea itzaltzear dagoela aditzera emanaz. Zarautzen, berpizkunde giro hartan hainbat dantza talde sortu ziren: Hodeiertz, Mollarri eta Iratzarri.

Argiako erreportajean egin zuten moduan, guk ere, Zarautzen dantza-taldeek bizi duten egoera ezagutu nahi izan dugu; azken urteetan esparru horretan eman diren aldaketak ulertzeko eta bidegurutzerik badagoen ikusteko, Mollarriko eta Iratzarriko lagun bana, Asier Urbieta eta Ane Mendizabal, Txaparrora etorri zaizkigu. Dantza-taldeen eta, oro har, euskal dantzaren egoeraz jardun dugu hizketan haiekin.

Dantzaren errealitatearen beste ikuspegi bat emako asmotan, formazioan eta eskarmentuan ondo zaildutako lagunari ere eskatu diogu iritzia: Garbiñe Aizpitarte da bera. Lehen aipatutako pizkunde garai hartan Hodeiertz taldean hasi zen dantzan, Xabier Landaburu gidari zuela, eta geroztik ez da geratu ere egin. Dantza du bizibide aspaldian: goizetan Zarauzko eskoletan dantza-klaseak ematen ditu eta arratsaldetan bere akademian. Garbiñek ikuspegi zabala emango digu, dantza tradizionalaz ezezik klasikoaz, garaikideaz eta, oro har, dantzaren egoeraz aritu baikara solasean berarekin.

 

2. Garbiñe Aizpitarte: dantzari lotutako bizitza

- Egiguzu zure dantza-ibilbidearen laburpena, Garbiñe.

Hodeiertz dantza-taldea sortu zuen Zarautzen Xabier Landaburuk, 70. hamarkadan. han hasi nintzen dantzan. 1979an, Philippe Oihanburuk zuzentzen zuen Etorki taldean sartu nintzen; 1980an bertako taldetxo bat profesional egin ginen, eta 1981ean jira bat egin genuen. Mundu guztian barrena ikuskizunak ematen aritu ginen. Beranduago Bilbon aritu nintzen, aurrena Akelarren Luis Iturrirekin eta gero Karrakan; dantza eta antzerkia egiten genuen. 1991n Gabota akademia ireki nuen Zarautzen, eta orain zazpi bat urte dantza-klaseak ematen hasi nintzen Zarauzko eskoletan.

- Horretaz aparte, etengabeko formazioan aritu izan zara.

Juan Antonio Urbeltzekin hiru urtez aritu nintzen euskal dantzetan sakontzeko ikastaro batean; larunbatero joaten nintzen Bilbora. Ballet klasikoan titulatua naiz, "Advanced" graduan, Londresen. Bestalde, hamabost urte bada Bartzelonara joaten naizela estiramentuak ikastera.

- Ze dantza-klase ematen dituzu akademian?

Klasikoa, garaikidea eta estiramentuak. Klasikoarekin hasi nintzen; orain beste irakasle bat ere badago, nire ikasle izana bera, eta hark ematen du dantza garaikidea.

- Akademian Londresko programarekin zabiltza lanean. Zer dela eta?

Hemen ez zaio ikasleari jarraipenik egiten. Ni Londreseko programarekin hasi nintzen, eta oso gustura nago haiekin; hona ekartzen ditut hango maisuak azterketak egin ditzaten, eta modu horretan jarraipena egiten diegu ikasleei. Lehen, Donostian konserbatorioa zegoenean, hemen ere bazeneukan zeure kasa preparatu eta gero esaminatzeko aukera; orain ez ordea, LOGSE legea jarri zutenetik. Maila Ertaineko ikasketak egiteko Gasteiz da gertuen dagoen aukera.

- Zein da zure helburua akademian?

Gorputzaren heziketarako oinarria ematea. Jende askok esaten dit: "Hemendik aterako al da dantzari handirik?". Ez da hori nire bidea. Tarteka ikusten da bat edo beste oso ona datorrela; horrelakoetan, Donostiara bideratzen dut dantzaria, Mentxu Medelengana.

- Hortaz badaukazu erreferentzi bat, nora bidalia.

Bai. Niri asko gustatzen zait nola egiten duen lan Mentxuk. Hura gu baino gorago dago, beste etapa bat da. Ez du azterketarik eta antzekorik ere egiten.

- Mentxu Medeli askotan entzun diogu hutsune handia dagoela dantzan, azpiegiturarik apenas dagoela...

Hala da. Orain, badirudi hobetzen ari dela kontua: Ballet Biarritz Donostian ere hasi da lanean, Igor Yebra Bilbora etortzen hasi da... pausu txikiak dira nolanahi ere.

- Zenbat akademia daude Gipuzkoan, zure moduan, lanean?

Ez dakit. Ni "Asociación de Profesionales de la Danza" elkartean nago. Elkartzen gara tarteka, baina egia esan ez dakit ze ordezkaritza daukagun.

- Akademian estiramentuak ere lantzen dituzu. Dantza taldeetan lantzen al dira batere estiramentuak?

Estiramentuen kontu hori zeharo bazterrean utzia egon da dantza tradizionalean. Dantza-talde askorekin aritu naiz lanean, eta dantzariek norbere gorputza ez dutela ezagutzen konturatu naiz.

- Prestakuntza horretan, ez al dute dantza-taldeek batere mejorarik egin azken urteetan?

Bai. Orain urte batzuk, estiramentuak eta gauza horiek guztiak "txorakeriak" ziren. Gimnasian eboluzioa egon da: garai batean kirolean dena kardiobaskularra zen, indarra, korrika asko egitea... eta orain gero eta gehiago ikusten ari naiz beste klase bateko preparazioa ere: Pilates eta antzeko metodoak, esaterako; pixkanaka kultura sortzen ari gara. Hala ere, oraindik entzuten ditut kontu xelebreak: kirolean estiramentuak gaizki egiteagatik lesionatuta dauden gazteak sendagilearengana joaten direnean, balleta txarra dela esatea bezala. Ezjakintasun izugarria dago oraindik.

- Pilates dela, Yoga dela... azken batean bide horiek guztiek arnasketari eta postura egokiei inportantzi izugarria ematen diete.

Hori da! Yogak filosofia sendoa du atzean, ez da gauza bera, baina hala ere niri oso bide egokiak iruditzen zaizkit horiek denak, ondo egiten badira. Izan ere, konpetitibitatea barru-barruraino sartua daukagu, eta jendeari kosta egiten zaio ulertzea asko makurtzea edo hanka oso gora igotzea baino hobea dela postura egokia bilatzea. Postura egokia lantzen bada, gorputzak erantzungo du bere garaian, eta bere neurrian.

- Dantza klasikoa eta euskal dantza, biak ondo ezagutzen dituzu. Harremanik ba al dute elkarren artean?

Hori nabarmena da. Ballet klasikoan pausu pila bat daude euskal dantzetatik hartuak. Eta izenak ere bai: "Pas de basque", esaterako, oso pausu ezaguna da ballet klasikoan eta mundu guztian erabiltzen da.

- Nola sortu zen eskoletan dantza-klaseak emateko kontu hori?

Zarauzko Udalaren iniziatiba izan zen, eta eskertzekoa da pausu hori eman izana. Lehen Hezkuntzako 4. mailan aritzen naiz ni 1991z geroztik, eta noiz edo noiz 5.ean ere eman izan ditut klaseak. Eskolei hainbat aktibitate eskaintzen zaizkie: dantza, antzerkia... gero eskola bakoitzak aktibitate horietako batzuk aukeratzen ditu.

- Gustura al zabiltza eskoletan dantza-klaseak ematen?

Esperientzia zoragarria da. Ez pentsa, kurtso hasieran kosta egiten zaie hastea. Gero, pausu batzuk ikasi, musika jarri, eta Gabonetarako dantzan ari dira. Eta gainera, hobetoxeago edo okerxeago, denek ikasten dute. Gurasoak harritu egiten dira.

- Zein da zure helburua umeekin klase horietan?

Haurrak dantzaren oinarrizko kulturaren jabe izatea. Ez dezatela esan: "Baina zer da hau?". Gero, noski, dantzarekin batera psikomotrizitatea, erritmoa eta beste hainbat gauza lantzen ditut. Eta baloreak.

- Sendagileek dantza-taldeetara bidaltzen dituzte koordinazio arazoak dituzten umeak.

Jakina! Ez dugu pentsatu behar dantza gauza bat denik, eta musikalitatea, lateralidadea eta erritmoa beste bat. Musika eta dantza oso lotuta daude. Eta, ez ahaztu: disfrutatzeko ere bada dantza! Gauza bat da ballet klasikoa oso hizkuntza arautua izatea, bide luzekoa, baina "dantza" bera unibertsala da. Mundu guztian eta zibilizazio guztietan egin izan da, eta gainera harremanetarako hizkuntza aproposa da.

- Dantza nesken gauzatzat hartu izan da, eta harrigarria egiten zait hori, euskal dantzan mutilek izan baitute protagonismo handiena. Zergatik iruditzen zaizu gertatzen dela hori?

Nik uste oinarrian konpetitibitatearen kontua dagoela. Futbolean galdu edo irabazi egiten da, baina dantzan ez da hori gertatzen. Dantza, hizkuntza bat da. Gainera, hizkuntza horretan neskak eta mutilak elkarren parean egon daitezke; diferentziak badaude, noski, baina elkarrekin dantzan egiteko kultura dago, eta hor sortzen diren harremanak eta transmititzen diren baloreak oso politak iruditzen zaizkit. Beste muturrean, telebistan ikusten ari garen eredua daukagu, Munduko Futbol Txapelketarena: nire onetik ateratzen naiz "a por ellos", "gu gara onenak", eta antzeko esamoldeak entzuten ditudanean. Oso hizkuntza matxista eta gerrazalea ari dira transmititzen gainera. Eta dantza horrelakoa ez denez, badirudi "light" dela, neskena.

- Nahiz eta, taldeko diziplinetan, zailenetakoa izan.

Bai, baina hori baloratzeko ere kultura eduki behar da. Dantza nesken kontua dela esatea, edo neskek hankarik ezin dutela altxa mutilek bezala... hori dena ezjakintasuna da.

- Zergatik ote du dantzak hain prestigio eskasa gizartean?

Kontuan izan, zerbait apreziatzeko aurretik ezagutu egin behar dela. Dantza, antzerkia, musika... ez dira bat-batean apreziatzen direnak. Kanpora joaten zarenean, hainbat tokitan kultura hori badutela konturatzen zara; txikitatik antzerkia ikusi dutelako, dantza ere bai...

- Zein dira dantzak dituen arazorik handienak?

Baloreen aldaketa nabarmena izan da azken urteetan. Orain, nekezagoa zait umeen artean diziplina jartzea.

- Diziplina ez da balore moduan hartzen.

Hori da. Hala ere, aldaketa somatzen dut: orain hasi dira berriro esaten mugak jartzea beharrezkoa dela; orain hamar urte, diziplinaz hitz egitea diktadorea izatea zen askorentzat. Badiruri zikloak direla.

- Zure lanean zertan antzematen dituzu baloreen aldaketa horiek?

Dena lotua dago, dantza eta arlo soziala. Egungo kultura, erdaraz esaten den moduan "de usar y tirar" dela iruditzen zait; ikusi besterik ez dago "Operación Triunfo". Gaur egunean gero eta zailagoa da epe luzerako proiektuak planteatzea; kirolean, astero dauzkazu partiduak, badaukazu alizienterik. Dantza ez da, epe motzera, hain esker onekoa.

- Eta giro horretan, nola motibatu haurrak?

Alprojan asko hitz egin dugu motibazioaz. Hasieran, gazteek ilusioa galtzen zutenean, gure errua zela uste genuen. Baina ez da horrela, dena ez baita motibazioa ematea, borondatea ere sortu egin behar delako: batzuetan "ez daukat gogorik, baina egingo dut" esan behar da. Borondatez funtzionatzen duen mundu hori ere gainbehera doa eta... Uf! Kulturan ere azalean geratzeko ohitura dugula iruditzen zait, hau eta hori egin bai baina gehiegi sakondu gabe, haurrak aspertuko ote ditugun beldurrez. Kontua da, dantzan gabiltzan irakasleek epe luzera begiratu beharko genukeela.

- Ze egoeretan dago euskal dantza tradizionala?

Bakoitza bere bidetik doala ematen du, eta dispertsioa handia dela. Nik formazioan ikusten dut hutsunerik handiena. Formazio egonkor bat adostu beharko litzateke elkarte guztien artean, behar bezala mailakatua eta arautua; ez dauka zentzurik bakoitza bere aldetik ibiltzeak. Orain urte batzuk, Urbeltzek egindako proposamen baten berri izan nuen eta asko gustatu zitzaidan. Horren edo antzeko zerbaiten premia dago.

 

3. Mollarri eta Iratzarri: 25 urtetik gora euskal dantzak irakasten

Mollarri dantza taldeko Asier Urbietari eta Iratzarriko Ane Mendizabali egindako elkarrizketa.

- Noiz hasi zineten dantzan?

[Asier] Zazpi urterekin. Txikitan talde bakarrean aritzen ginen neskak eta mutilak. Gero, hamar bat mutilez osatutako taldera pasa ninduten. orain pare bat urte hamahiru lagun besterik ez ginen gure adinean, eta talde bakarra egin genuen neskek eta mutilek. Irakasle asko izan ditut: Esti, Uxoa... Azken aldian Oiartz ari zaigu laguntzen.

[Ane] Ni zortzi urterekin hasi nintzen, nesken taldean. Fatimarekin egon nintzen urte askoan, eta gero Igonerekin ia oraintsu arte. Gurean mutilik ez zen gelditu, eta neskek segitzen dugu.


Mollarri
dantza-taldeko Asier Urbieta eta Iratzarriko Ane Mendizabal

- Zer dakizue zuen taldeaz, zuen aurretik zebilen jendeaz?

[Asier] Esteban Garro (taldearen sortzailea) ezagutzen nuen; tabernara etortzen zenean, askotan egoten ginen hizketan. Gainerako jendea, batik bat San Pelaio egunean egiten dugun Aurreskuagatik ezagutzen dut.

[Ane] Gure taldeak 25. urteurrena ospatu zuenean, jende asko ezagutu nuen. Umeen guraso gehienak ere lehenago dantzan ibilitakoak dira.

- Umeena aparte utzita, gazteek zer egiten duzue?

[Asier] Guk Gallegoen Egunean egiten dugu dantzan. Euskal Astean ere egiten dugu ekitaldi bat, Mollarrik eta Iratzarrik elkarrekin.

[Ane] Urretxura ere elkarrekin joan ginen bi taldeak, pasa den urtean.

- Zer dantza egiten dituzue orain?

[Asier] Gure irakasleek zekizkitenak. Horregatik, talde bakoitzak bere dantzak dakizki: Iratzarrikoek egiten dituzten batzuk, Zozo Dantza eta Sagar Dantza esaterako, guk ez dakizkigu. Gu Lapurdikoak ikasten hasi ginen orain gutxi.

[Ane] Dantza bera ere, ez dugu berdin egiten bi taldeek.

- Zenbat ume dituzue taldean?

[Asier] Laurogei bat. Kurtso honetan matrikula ireki dugu, eta berrogei ume etorri zaizkigu. Haiekin lanean, bai dantzak irakasten eta bai antolaketan laguntzen, hamar lagun gabiltza. Taldeak egiten ditugu, eta jeneralean talde bakoitzeko bi irakasle jartzen ditugu.

[Ane] Gure egoera oso antzekoa da: guk ere laurogei bat ume ditugu bost taldetan banatuta, eta talde bakoitzarekin bi monitore aritzen dira. Aurten Unibertsitatean hasiko gara gutako asko, eta batzuek taldea utzi beharra izango dute kanpora doazelako. Hala ere, moldatuko garela iruditzen zait.


Iratzarri Dantza Taldea
2006ko maiatzean, Zarauzko Santa Marina auzoan (Iratzarriren artxiboa)

- Umetan zenbat mutil eta zenbat neska dituzue?

[Asier] Orain arte hamar mutil genituen, eta orain hasitakoekin beste taldetxo bat osatu da.

[Ane] Gurean hamar mutil daude. Edadean aurrera doazela, gero eta mutil gutxiago izaten da. Dantza nesken gauza dela uste du askok.

- Zenbat urte bitarteko umeak dituzue?

[Asier] Txikiak gehiago, helduagoak baino. Hamasei urteko neskak gurekin ensaiatzen hasi dira, eta hamalau urte dituzten zortzi neska ditugu. Haiek ere, pixkanaka, gure taldera sartu nahi genituzke.

[Ane] Hamabost urteko neska taldea da zaharrena gurean; guk ere, pixkanaka klaseak ematen jarri nahi genituzke haietako batzuk.

- Zein dira dantza-taldeek dituzten arazorik larrienak?

[Asier] Txistulariak aurkitzea; gure txistulariak, Oroitzek, urte asko daramatza gurekin eta erreleboa eman nahian dabil aspaldian. Umeak motibatzea ere asko kostatzen zaigu. Ume asko ez da bere gogoz etortzen, etxetik bultzata baizik; beharrezkoa da etxeko laguntza umea txikia denean, baina gerora... oso zaila da gogorik ez duen umea motibatzea.

[Ane] Guri ere txistulariak falta zaizkigu. Umeekin kanpora joateko irteerak lortzen ditugu, baina txistulariak, kostata. Urretxura, esate baterako, trikitilariak eraman genituen txistularirik ez genuelako. Horretaz aparte, euskal dantzak gero eta gutxiago egiten direla iruditzen zait; gu umeak ginenean batera eta bestera ibiltzen ginen, eta orain dantza-talde askok ez du irteera bat bera ere egiten kanpora. Herrian dantzan egitea ondo dago, baina kanpora joanda asko ikasten da: besteekin erlazionatu, elkarrekin bazkaldu... motibazio ona da kanpora ateratzea.

- Ze irteera egin dituzue kurtso honetan umeekin?

[Asier] Azkoitian, Urretxun eta Legazpin izan gara. Hemengo auzoetan ere bai: Iñurritzan presentazioa egiten dugu sanpelaioen aurreko astean, eta Urtetan eta Santa Klaran ere izaten gara.

[Ane] Ordizian, Arrasaten eta Mutrikun izan gara. Azpeitira ere joaten gara, baina aurten ezin izan dugu. Zarautzen, Santa Marinan eta Vista Alegren egiten ditugu saioak.

- Dantzaren etorkizuna nolakoa da?

[Asier] Orain arte bezala izango dela iruditzen zait gero ere: txikitan hasi, 15-16 urterekin gelditzen direnak umeei irakasten hasi, eta 22-25 urtera arte segitu. Ziklo bat da.

[Ane] Luzera, hemengo kultura galtzen joango dela iruditzen zait kanpotik datorren kultura gero eta indartsuagoa delako. Gu ere gero eta gehiago joaten gara kanpora, eta ez dakigu hemendik bost urtera non egongo garen.

- Helduen dantza-talderik izango al da etorkizunean Zarautzen?

[Asier] Zaila da. Urte osorako konpromezua da dantza, eta jendeak gero eta konpromezu gutxiago hartzen ditu.

[Ane] Nik uste egun seinalatuetan elkartzen segituko dutela helduek, baina hortik aurrera ez.

 


©dantzasoka-iratzarri folklore taldea 2007
iratzarri@iratzarri.com
Zarautz